ALBISTEAK

kontafesta

Kontadoresek, udako itxiera festa antolatu du. Ekainaren 16an, larunbatean, izango da, 19:00etatik aurrera Kontadores Zentroan. Kolore askotariko ospakizuna izango da

Kontadoresek 2017-2018 ikasturtean zehar sustatutako hainbat egitasmo gertutik ezagutzeko aukera emango du jaialdiak. Helburua da bultzatzea arte biziekin loturiko erakustaldi ez-profesionalak (antzerkia, dantza, poesia...) eta proiektu esperimentalak; bereziki, hemengoak, gazte izaerakoak zein formatu txikikoak. Aldi berean, Kontafestak nahi du parte hartzaileak motibatu beren sormen prozesuan aurrera egin dezaten, eta euren kultur ekoizpenaren hedapena bultzatu.

Kontafesta ospatzeko lotu diren ekintzak aberatsak bezain askotarikoak dira. Amadeus antzezlanak emango dio hasiera festari, Theatrola Donostiako antzerki talde amateurraren eskutik. Donostiako AEG Eskolako Patroigintza eta Moda zikloko bigarren mailako ikasleek sortu eta josi dituzte Amadeus antzezlanaren jantziak, antzezle bakoitzaren neurrira. Hauxe izan da ikasleen ikasturte amaierako proiektua.

Ondoren, munduko sukaldaritzako laborategiko partaideek egindako pintxoak dastatu ahal izango ditugu eta Dra. Zebra kolektiboaren zuzeneko arte esku-hartzea ikusteko aukera izango dugu. Hori guztia Blonde In Flames Djaren erritmoak lagundurik.

Jarduera guztiak hainbat erakunde eta irakasleren elkarlanari esker antolatu dira: Kontadores Zentroa, Theatrola antzerki taldea, AEG Eskola, Dra. Zebra kale arte kolektiboa eta Kontadoreseko Supper Club sukaldaritza laborategiko irakasle den Gregory Schaefer sukaldaria. Nahi izanez gero, jarduera guztietan parte hartzeko aukera egongo da, eta ekintza guztiak doakoak izango dira. Theatrolaren Amadeus antzezlana ikusteko beharrezkoa izango da gonbidapena, eta hau antzezlana hasi baino 45 minutu arinago banatuko da Kontadoresen bertan.

Jarraian egitaraua eta horren inguruko xehetasun guztiak:

19:00-20:30

Amadeus antzezlana
Zuzendaria: Ainhoa Agirre
Hizkuntza: Gaztelania
Iraupena : 60 minutu
Jantziak: AEG Eskolako Patroigintza eta Moda zikloko bigarren maila
Peter Shaffer ingelesaren Amadeus 1979an estreinatu zen Londresen. Antzezlan hori oinarri hartuta zuzendu zuen Milos Formanek zortzi Oskar irabazi zituen film ezaguna. Gaztelaniazko bertsioa, Pilar Salsoren itzulpena,  1982ko urtarrilean aurkeztu zen Madrilgo Marquina antzokian, Santiago Paredesen zuzendaritzapean. Theatrola antzerki taldeak gaztelaniazko bertsioaren moldaketa bat taularatuko du. 

20:30-21:00

DJ Blonde In Flames
Munduko pintxoak: Munduko sukaldaritza laborategiko partaideek euren ekarpena egingo dute festarako pintxoak eginaz eta dastatzera eskainiz.
Zuzeneko muralismoa: Dra Zebra kale arteko kolektiboaren mural erakustaldia.

Urtarrila 2019
A As Az O Os L I
1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31

 

 

Gora joan