ALBISTEAK

mini MikroantzerkiMaratoia kartela

Kontadoresek Mikroantzerki Maratoiaren hirugarren edizioa antolatu du. Abenduaren 1ean, larunbatean, izango da, 18:00etatik aurrera Kontadoresen. Bertaratutakoek, hainbat mikroantzerki pieza ikusteko aukera izango dute eta baita hurbileko giroa bizitzeko abagunea ere.

Kontadores Gazte Zentroak III. Mikroantzerki Maratoia antolatu du. Maratoia aukera paregabea da hemengo gazte izaerako zein formatu txikiko antzerkia bultzatzeko. Aldi berean, Maratoiak parte hartzaileak motibatu nahi ditu beren sormen prozesuan aurrera egiteko, eta baita euren kultur ekoizpenaren hedapena bultzatu ere.

Formatu txikiko ikuskizuna izanik, sortzaile eta publikoaren artean hurbiltasuna eta tratu pertsonala eragin nahi du Maratoiak. Hain zuzen ere, ekitaldiaren ardatza da gertuko antzerki pieza laburrak ezagutzera ematea era hurbil batean. Aldi berean, gerturatutakoek sortzaileekin hitz egiteko aukera eskaintzen du hurbileko emanaldi horrek. Formatu handiko emanaldietan ezin daitekeen hurbileko giroa eta tratua eragin nahi du Maratoiak.

III. Mikroantzerki Maratoia gauzatzeko, deialdi irekia egin zen eta piezak aurkezteko epea jarri zen martxan 2018ko urriaren 9tik azaroaren 9ra arte. Guztira 16 mikroantzerki pieza jaso dira deialdian eta 29 pertsonek hartu dute parte deialdian. Pieza horietarik hiru hautatu dira maratoiaren hirugarren ediziorako. Antzeztuko diren hiru obretatik bi euskaraz izango dira, eta bestea gaztelaniaz. Alazne Etxeberria eta Jon Ander Alonso epaimahaikideek azpimarratu dute aukeraturiko hiru obren askotariko izaera eta balio eszenikoa. Baita piezetan landuriko umorea eta trataera originala ere.

Maratoiaren hirugarren edizio honetara hurbiltzen den publikoak esperientzia gertukoa, ezberdina eta dibertigarria bizitzeko aukera izango du, eta baita ere, iluntzean, emanaldi bat baino gehiago ikusteko aukera. Sarrera doakoa izango da.

Jarraian hautaturiko piezen inguruko xehetasunak dituzue:

Izenburua: Entre comillas
Taldea: Node Akziona! taldea
Egilea: Iñaki Cid
Antzezleak: Iñaki Cid, Estitxu Veintemillas, Lucía Laguarda
Iraupena: 15’
Hizkuntza: Gaztelania
Sinopsia: Opera primarekin erabateko arrakasta eduki ondoren, Adela J. Marquez ospetsuak bigarren eleberria idazteari ekin dio. Adelaren gisako idazle batek erraz gaindituko ditu orri zuriari izaten zaion beldurra, inspirazio falta edo editorearen presioa... baina, zer gerta liteke eleberriko pertsonaiak Adelaren aurka jartzen badira?

Izenburua: Behobia/SS-Txaloka ero moduan
Egilea: Libe Mendizabal
Antzezleak: Libe Mendizabal, Tessa Andonegi
Iraupena: 15’
Hizkuntza: Euskara
Sinopsia: Okerrena ez da Behobian (edo beste lasterraldi batean) korrika egitea. Ezta amaitzea ere. Jasangaitza dena da hurrengo edizioaren zain egotea. Guk itxaronaldi amaigabe horren kontrako antidotoa dugu.

Izenburua: Horse in the porch
Taldea: Horse Konpainia
Egilea: Mirari Arin, Silvia Gonzalez
Antzezleak: Mirari Arin, Silvia Gonzalez
Iraupena: 15’
Hizkuntza: Euskara
Sinopsia: Hiru pertsonaia psikodeliko ekaitz batean harrapatuak daude. Koktel haluzinogenoak eta paisaia maitagarriak lekua hartuko dute, eta dantza eta abenturak biziko dituzte. Jakin nahi al duzu nola lortu ile leun eta distiratsua? Horsek emango dizu erantzuna. Barnera zaitez gurekin!

                                 

 

 

Gora joan