ALBISTEAK

Maiatzaren 21etik ekainaren 22ra Donostiako lau agertokitan 18 lan antzeztuko dituzte.

Donostia Gazteriak antolatzen du egitasmoa, Donostia Kultura eta Kutxa Kulturren laguntzarekin.

Donostiako Antzerki Topaketaren 31. edizioan 18 antzezlan aurkeztuko dira, maiatzaren 21etik ekainaren 22ra, hiriko hainbat espaziotan. Hala, 14 eta 30 urte bitarteko 200 gazte inguru igoko dira Antzoki Zaharreko, Gazteszenako, Lugaritzeko eta Kutxa Kultur Klubeko agertokietara, eta euren obrak profesionalek bezala antzeztuko dituzte.

Topaketa Donostia Gazteriak antolatzen du, Donostia Kultura eta Kutxa Kulturren laguntzarekin, eta horren helburua da gazteria eta antzerkiaren arteko harremana sustatzea; izan ere, antzezle edota publiko izateko aukera dute emanaldietan. Era berean, gazteriaren artean kultura ekitaldietara joateko ohitura bultzatu nahi da, baita haien sortzaile gaitasuna ere. Horrez gain, parte hartzaileen kultur ekoizpenaren berri ematen da, antolatzaileen hedapen kanalei eta espresuki topaketetarako sortutako materialei esker.

Horren harira, ekoizpen propioak nahiz klasikoak ikusi ahal izango dira; eta, balorazioaz Nerea Gorriti, Esti Curiel eta Ander Azurmendi antzezleak arduratuko dira. Sari banaketa ekainaren 22an izango da, 12:00etan, Kutxa Kultur Plazan.

Sarreren prezioari dagokionez, 3 eurokoa izango da: Antzoki Zaharreko, Gazteszenako eta Lugaritzeko antzerki lanak ikusteko sarrerak Donostia Kulturako webgunean erosi daitezke, maiatzaren 17tik aurrera; baita obra bakoitza antzeztuko den espazioaren leihatilan ere. Kutxa Kultur Klubeko emanaldien sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira Tabakalerako leihatilan.

Aurtengo topaketen irudiaren egilea Maitane Aramburu da -Usandizaga BHI Goi mailako Publizitate zikloan egindako irudi lehiaketaren irabazlea-.

Deialdia

Parte hartzera gonbidatzeko deialdia martxoan egin zitzaien, hiriko ikastetxe, unibertsitate, antzerki eskola eta talde independente guztiei. Azkenean, guztira, 18 taldek eman dute izena, gehienak donostiarrak dira, baina badira kanpoak ere; esaterako, Oiartzun, Pasaia, Bilbo, Iruñea eta Madrilekoak. Honako hauek dira parte hartzaileak: La Rata Indiako bi talde, Zurriola Antzerki Eskolako hiru talde, Tantara Teatro, Santo Tomas Lizeoko bi talde, Teatro en la Chácena, Langosta Kuadrilla, Trikiñuela, Binahi Akademyko bi talde, Hamaika Buelta Antzerki Taldea, Txiribuelta, Zaskanduri, Katramila eta Barrexerka.

18 antzerki lanen artean 11 euskaraz izango dira eta 7 gaztelaniaz.

2 kategoria bereizten dira adinaren arabera.

- Junior kategoria (taldekideek 14 -18 urte artean izan behar dute): 9 talde

- Senior kategoria (taldekideek 18 –30 urte artean izan behar dute): 9 talde

Sariak

Kategoria bakoitzean ondorengo sariak banatuko dira.

Obra onenari: berriro antzezteko aukera + bi antzerki emanalditara joateko sarrerak.

Talde artistiko onenari: bi antzerki emanalditara joateko sarrerak.

Taularatze onenari: bi antzerki emanalditara joateko sarrerak.

Ikusle + saria: ikusle gehien elkartzen duen emanaldia da: bi antzerki emanalditara joateko sarrerak.

Gainera, formakuntza espezifikoa eskainiko zaie kategoria bakoitzeko irabazleei.

Bestalde, antzezlan guztiak bideoz grabatuko ditu profesional batek, eta talde bakoitzari bere antzezlanaren bideo kopia bat banatuko zaio. Aurten, antzezlan bakoitzak bere kartel propioa izango du horren sustapena egiteko.

Horrez gain, talde bakoitzak 400 € jasoko ditu, antzezlanaren prestaketan sortutako gastuen konpentsazio moduan: material erosketak, ekipamendu alokairuak, garraioa, etab.

Informazio gehiago:

www.donostia.eus/antzerkitopaketa

 

 

 

Abuztua 2019
A As Az O Os L I
1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31

 

 

Gora joan