ALBISTEAK

18 eta 30 urte bitarteko Donostiako gazteen ideia, erronka eta proiektuak bultzatu eta martxan jartzeko ekimena da MartxUp!. Horretarako, gazteekin, euren proiektuak martxan jartzen laguntzeko prestakuntza eta dinamizazioa landuko dira. MTA-Mondragon Team Academy-ko kideak arduratuko dira proiektu bakoitzarentzat beharrezko formazioa eta laguntza eskaintzeaz.

 

Zergatik MartxUp!?

Donostia Gazteriak etorkizun eraberritu eta eraldatzaileagoa lortu nahi du, gazteekin batera, gazteekin elkarlanean. Horretarako, auzo guztietako ideiak, erronkak eta ametsak entzun nahi ditu eta horiek martxan jarri. Gazteria sailak sormenerako, autoenplegurako eta herrigintzarako erronkatan lagundu eta baliabideak eskainiko ditu.

MartxUp! 3.0

Aurtengo edizioan formazioek eta tutoretzei garrantzi handiagoa emango zaie. Aukeratutako proiektuek lau formazio saio jasoko dituzte, eta esperientzia ahalik eta gehien aprobetxatzeko modu irekian antolatuko dira. Hilabetean behin izango dira, eta saio batetik bestera, gazteek tutoretza prestakuntzak izango dituzte.

Lau formakuntzak proiektu bat osatzeko baliagarriak izango dira, edozein dela ere proiektua aurkitzen den fasea. Hauek izango dira urritik abendura, hilean behin, egingo diren saioak:

  • IDEIATIK PROIEKTURA: askotan egitasmo bat martxan jartzeko ideiak nahastu egiten zaizkigu, edo oso orokorra edo sobera konkretuak izateraino. Saio honetan ideiak zehazteko eta garatzeko teknika lagungarriak eskainiko dira.

  • DESIGN THINKING: Amerikako Estatu Batuetan jaiotako metodologia honen bitartez erabiltzaileen esperientziaren arabera produktuak modu sortzailean prototipatzen ikasiko da.

  • CANVAS: negozio eredu ezberdin bakoitzerako arreta jarri beharreko puntu ezberdinak aztertuko dira, eta norbere proiektuan aplikatuko dira.

  • PITCHING: azkenik, proiektu bat ondo aurkezteko gakoak landuko dira.

Parte hartzaileak

18 urtetik 30 urtera (biak barne) bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute, eta norbanako zein taldean aurkeztu ahal izango da. Behin ideia onartuta eta 2-4 pertsona arteko taldea osatuta, proiektuaren garapen prozesu eta prestakuntzarako fasean sartuko dira.

Jatorriari dagokionez, taldekideetako bat, gutxienez, donostiarra izan behar da. Parte-hartzaileen rolari dagokionez, jarrera aktibo, parte-hartzailea, eraikitzailea, parekidea eta euskararen aldekoa izatea ezaugarri garrantzitsuak izango dira.

Proiektu motak

Jarduera eremua askea eta anitza izango da, proiektu orok izango dute sarbidea, beti ere, genero, arraza eta bestelakoekiko baztertzailea ez bada, eta proiektuek ez badituzte indarkeria, bazterketa eta antzeko jarrerak bultzatzen.

Proiektuek bi ezaugarri bete beharko dituzte: hein handienean Donostian izango dute garapen eremua eta Donostia edo hiritarren onurarako zuzenduak izango dira.

2018ko proiektuak

MartxUp!-eko bigarren edizioan hiru proiektuk jaso zuten formakuntza : Barrexerka, Kalea(n) Bizi eta Mamarru. Lehenengo biak martxan jarri direnez, dirulaguntza ere jaso dute.

Halaber, bestelako laguntza eman die Donostiako Udalak; besteak beste, Donostiako Gazteen Antzerki Topaketaren 31. edizioan parte hartu du Barrexerkak eta 2019ko Olatu Talkan Kalea(n) Bizik.

Hauek dira iazko hiru proiektuak:

  1. KALEA(n) BIZI. Hiritarrontzat hobeto egokituko diren espazioak lortzeko helburuarekin sortu da. Donostian topatu daitezkeen espazio publiko ezberdinak eraldatu nahi ditu, leku hauek aktibatuaz edota espazio berriak sortuaz, ideia fresko eta parte hartzaileekin.

  2. BARREXERKA. Gazteentzako produktu audiobisual gutxi dago euskaraz; zein hobeto gazteak baino hutsune hori betetzeko? Galdera hori erantzunez sortzen da Barrexerka proiektua; esketxak eta zuzenekoak nahasten dituen proiektua da eta dagoeneko Donostian oihartzuna sortu du.,

  3. MARMARRU. "Marmarru" terminoa Marmar egitetik dator. Gaur egun bizi dugun egoera sozial eta ekonomikoaren baitan jaiotzen den marka da. Helburua umorea, euskara eta ekologia erabiliaz gizartean kontzientzia sortzea da. Hala, honetarako poltsa bat erabiliko litzateke. Poltsa hori merkatu eta azoketan banatu eta horren erabilerarekin plastikoak murriztuko lirateke eta euskara bultzatu.

Nola eman daiteke izena?

Izena emateko www.martxup.eus web orrian den eranskina bete behar da eta MartxUp!-eko kideak jarriko dira zuzenean harremanetan; izan ere, proiektua aurkeztu behar den arren, definizio maila ezberdinak izan ditzake eta horretan ere laguntza eskainiko du MartxUp!-ek. Ekainaren 30ean itxiko da izena emateko epea.

Animatu zaitez!

 

 

Abuztua 2019
A As Az O Os L I
1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31

 

 

Gora joan