ALBISTEAK

mini martxup

Azaroaren 24tik zerbitzua irekita egongo da. Kontadoresen espazioen lagapenak egingo dira, baita hainbat formazio saio ere.

 

Datorren asteartetik aurrera, erabiltzaile guztien osasuna babesteko behar diren neurriak hartuta, Kontadores Gazte Zentroak ateak irekiko ditu. Donostia Gazteriaren espazio horrek hiriko gazteei eskaini nahi die eremu bat kultura, artea zein sorkuntza jardueretan aritzeko, eta ohiko ordutegian egongo da irekita: asteartetik ostiralera 17:30etik 20:30era eta larunbatetan 17:00etatik 21:00etara.

Kontadoresek hainbat neurri hartu ditu erabiltzaileek egonaldi segurua egin dezaten, besteak beste: aretoak erabiltzeko beharrezkoa izango da aldez aurreko erreserba egitea; aretoen erabiltzaileek ordutegia zorrotz betetzea; pertsonen arteko segurtasun-tartea bermatzea; areto barnean maskarak une oro erabiltzea; eskuen garbitasuna egitea edo ezarritako seinaleei kasu egitea. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren 38/2020 Dekretuak zehaztu du ezingo direla egin dantza zein kantu entsegu amateurrak, behin-behinean.

Zentroan, espazioen lagapenak jarduera hauetarako egingo dira: antzerki entseguak, formazio saioak edo bilkurak. Zehazki, gazteentzako bi areto irekiko dira eta horien edukiera mugatu egingo da. Horrez gain, datozen asteetarako programatu dira Martx Up egitasmoaren hainbat formazio saio ireki eta bi eszena ekitaldi, besteak beste.

Martx Up egitasmoaren formazio saio irekiak

18 eta 30 urte bitarteko Donostiako gazteen ideia, erronka zein proiektuak bultzatu eta martxan jartzeko ekimena da Martx Up. Horretarako, euren proiektuak martxan jartzen laguntzeko lau prestakuntza saio ireki egingo dira gazteekin, 2020ko azaroa eta 2021eko otsaila bitartean. Saio horiek interesa agertzen duen edozein gazterentzat dira, eta elkarren artean independenteak izango dira. MTA-Mondragon Team Academy-ko kideak izango dira formatzaileak. Hona hemen saioen data, ordutegia eta gaiak:
• Azaroaren 24a, asteartea, 17:00-20:00: Ideiatik proiektura.
Askotan egitasmo bat martxan jartzeko ideiak nahasi egiten zaizkigu, eta orokorregiak edo konkretuegiak izateko arriskua izaten dugu. Saio honetan ideiak zehazteko eta garatzeko teknika lagungarriak eskainiko dira.-Eman izena-
• Abenduaren 15a, asteartea, 17:00-20:00: Design thinking.
Metodologia honen bitartez ikasiko da erabiltzaileen esperientziaren arabera produktuak modu sortzailean prototipatzen. -Eman izena-
• Urtarrilaren 26a, asteartea, 17:00-20:00: Canvas negozio eredua.
Negozio eredu zehatz bakoitzari jarri beharreko arreta puntu ezberdinak aztertuko dira, eta norbere proiektuan aplikatzen ikasiko da. -Eman izena-
• Otsailaren 23a, asteartea, 17:00-20:00: Piching-a, edo nola aurkeztu zure proiektua.
Proiektu bat ondo aurkezteko gakoak landuko dira. -Eman izena-

Parte hartzeko irizpideak
Oro har, gazteentzako formazioak dira, 18-30 urte bitartekoentzat, hain zuzen ere. Lehentasuna izango dute Donostian erroldaturik dauden gazteek. Formazio horien eskaintza aurretik aipatutako adin tartekoentzat den arren, 18 urtetik beherako eta 30 urtetik gorako pertsonek ere parte hartzeko aukera izango dute, haien parte hartzea egoki ikusten bada, eta lekurik balego.

Edozein zalantza izanez gero, jarri gurekin harremanetan: 943483476 / Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

 

 

Abendua 2020
A As Az O Os L I
1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31

 

 

Gora joan