ALBISTEAK

F antzerkia

Donostia Gazteriak, urtero legez, helburu du abenduaren 14an hasi eta urtarrilaren 6ra arte haur, nerabe zein gazteei zuzenduriko jardueren eskaintza oparoa egitea hirian, eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Zehazki, Kontadoresen, antzerki emanaldiak, tailerrak eta haurrentzako filmak prestatu ditugu.

Hasteko, azpimarratu nahi dugu beharrezko segurtasun neurri guztiak bermatuko ditugula, 2020 berezi honetan bizi dugun krisi egoera dela eta ekitaldiez modu seguruan gozatzeko eta horietan parte hartzeko. Eta nahitaez bete beharreko neurriak hartuko direla; horien artean, maskararen erabilera, distantziak errespetatzea, aldez aurretiko izen emateak eta edukieraren kontrol zorrotza.

Gabonak zuretzat programaren bidez aisialdia modu egokian bideratzeko ohiturak sortu nahi dira, ondo pasatzeko eta dibertitzeko era berriak ezagutzeko aukera emanez. Bestelako balio batzuk ere landu nahi dira, besteak beste, hezkidetza, elkartasuna eta sormenezko aisialdia, eta horretarako haurrengana, nerabeengana eta gazteengana iritsi nahi da haien inguruko eta hurbileko entitateen bidez. Gauzak horrela, familia, haur, nerabe zein gazteentzako hainbat doako jarduera antolatu ditugu Kontadoresen:

Brianen bizitza antzerkia: abenduaren 18an eta 19an, 19:00. Publiko ororentzat.
Nazareteko Jesusen garaian gaude. Brian, erromatarren okupazioaren aurka dagoen gazte idealista bat da. Haien aurka egiteko Judeako Fronte Popularrean sartuko da, erromatarren aurka borrokatzen den taldean. Eta bere matxinada partikularra hasiko du. Brian lehenengo ekintza iraultzailean atxilotu egingo dute eta Poncio Pilatos gobernadore erromatarren esku geratuko da. Ihes egin eta gero, mesiastzat hartuko dute eta... tira, hobe izango da Monty Phyton taldearen zentzugabeko umorearekin egindako lan zoragarri hau ikustea. Eta ez ahaztu: bizitzaren alde onari begiratu beti!
Taldea: Zurriola Antzerki Eskola.
Hizkuntza: euskara.
Iraupena: 60 minutu.

Grufaloa haurrentzako filma: abenduaren 23an, 18:00. 3 urtetik gorako haurrentzat.
Grufaloak letagin izugarriak ditu, atzapar zorrotzak eta sendoak, eta garatxo pozoitsu bat sudurraren puntan. Horregatik, basoko animalia guztiek ihes egiten dute ikusten dutenean!
Hizkuntza: euskara.
Iraupena: 55 minutu.

Zuloak antzerkia: abenduaren 26an, 19:00. Publiko ororentzat.
Izaki sexudunak gara eta oraintxe konturatu gara. Zein da gure ardura horren jabe egiten garenean? Galdera asko erantzunik gabe eta erantzun asko galderarik gabe.
Taldea: Badia Eskola.
Hizkuntza: euskara.
Iraupena: 35 minutu.

Komiki tailerra: abenduaren 29-30, 17:00-19:30, 12-17 urtekoentzat.
Lantegi honetan aukera izango duzu komikiaren zein sekuentzia-artearen sekretuak ezagutzeko. Ez da beharrezkoa marrazketaren inguruko ezagutzarik edukitzea, eta sortu ahalko duzu komiki bat hasieratik amaierara.
Hizkuntza: euskara.

Mundua ezagutzen tailerra: abenduaren 29 eta 30ean, 17:00-18:30, 8-10 urtekoentzat.
Mundua ezagutzen lantegian mundu zabaleko kontu sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalak landuko dira, eta horiek ulertzeko hainbat perspektiba jarriko dira mahai gainean. Eskolaz kanpoko akademia honek proposatzen duena da munduko gertakarien aurrean elkarren arteko entzutea eta ulertzea garatzea. Lantegi bakoitza besteekiko independentea izango da.
Hizkuntza: euskara.
Antolatzailea: Mundu Elkartea
Informazio gehiago elkartearen webgunean: Mundu Elkartea

Pirata arratoia haurrentzako filma: urtarrilaren 2an, 17:00. 3 urtetik gorako haurrentzat.
Bidelapurren artean gozozaleena. Pirata arratoiak, bere zaldiaren gainean, bidean aurkitzen dituen bidaiari guztien janaria lapurtzen du, bera baino maltzurragoa den norbaitekin topo egiten duen arte. Julia Donaldsonek sortutako istorio dibertigarria.
Hizkuntza: euskara.
Iraupena: 55 minutu.

Izen ematea, udaleko webgunearen bitartez egin behar da. Ikuskizunetarako zerrendak itxi egingo dira, edukiera betetzen dean. Eta, tailerretan, berriz, edukiera gaindituz gero, zozketa egingo da izena eman duten guztien artean. Kontuan izan, beraz, bai tailer bai ikuskizun guztietan, aurretiko izen ematea beharrezkoa dela eta, horrela egiten ez bada, ez dela aretoetara sartzeko aukerarik izango.

Bukatzeko, hauek dira aurrez izena emateko kontuan izan beharreko datak:
Brianen bizitza antzerkia: abenduaren 9tik aurrera.
Zuloak antzerkia: abenduaren 9tik aurrera.
Mundu tailerra: abenduaren 9 eta 22 artean.
Komiki tailerra: abenduaren 9 eta 22 artean.
Haurrentzako filmak: abenduaren 9tik aurrera.

Gabonak zuretzat programa osoa kontsulta dezakezu Gazteriako webgunean


 

 

Apirila 2021
A As Az O Os L I
1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30

 

 

Gora joan