ALBISTEAK

laborategiak

Kontadoresek gazteei zuzendutako 11 laborategi programatu ditu martxoaren 1etik aurrera. Laborategiak batez ere gorputzaren, adierazpen eszenikoen eta ilustrazioaren inguruko proposamenak izango dira.

Kontadoresek hainbat ikastaro programatu ditu 2022ko martxotik 2022ko ekainera bitartean. Guztira 124 plaza eskainiko dira, 11 laborategi kulturaletan banaturik. Gazteen interesak, beharrak eta zaletasunak oinarri harturik osatu da Kontadoreseko laborategi proposamena, euren poltsikora egokitutako prezioekin. Udaberri honetan, gorputzak garrantzia izaten jarraituko du, baita adierazpen eszenikoek ere, eta koloreak gehituko zaizkie sasoi honetako laborategiei, teknika ezberdinetako ilustrazio ikastaroen bitartez.

Elkarlanean osaturiko proposamenak ere egongo dira. Urtaroko sorta honi hasiera emateko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Treba Gazteak programarekin batera doako bi laborategi egongo dira: Design Thinking eta Sexualitatetik harremanak irauliz.

Bestalde, Dantzerti Arte Dramatiko eta Dantza goi mailako eskolarekin batera, bi ikastaro laborategi intentsibo egingo ditugu bi larunbat ezberdinetan: Mugimendua eta dantza Izaskun Lapaza dantzari irakaslearekin eta Storytelling, Istorioak kontatzearen artea Aitzol Villahoz aktorearekin.

Azpimarratu nahi dugu Covid-19k sortutako krisia dela eta, Kontadoresek berezko protokoloa duela gaixotasunaren hedapenaren aurrean arriskuak ekiditeko. Beraz, ezarritako segurtasun eta higiene neurriei eutsi beharko zaie une oro. Kontsultatu Kontadoreseko protokoloa

HEMEN daude proposamenei, egutegiari, ordutegiei eta prezioei buruzko zehaztasunak.

PARTE HARTZEKO IRIZPIDEAK

Oro har, gazteei espresuki zuzenduriko ikastaroak dira, 18-30 urte bitartekoei, hain zuzen ere. Lehentasuna izango dute Donostian erroldaturik dauden gazteek. Laborategien eskaintza aurretik aipatutako adin tarteari zuzendurik badago ere, 18 urtetik beherako eta 30 urtetik gorako pertsonek ere parte hartzeko aukera izango dute, euren parte-hartzea egokia dela joz gero, eta plaza libreak egonez gero.

IZENA EMATEA ETA INFORMAZIOA

Webgune honetan eman daiteke izena: www.kontadores.eus

Webgune horretan ikastaroei buruzko informazio guztia ere topatuko duzu.

Horrez gain, webgunean egongo dira eskuragarri protokoloari (edo kontingentzia plana), edukierari eta segurtasun neurriei buruzko informazioa.

Urria 2023
A As Az O Os L I
1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31

 

 

Gora joan