EQZEko ikasle Lucía Dellacha da zikloaren komisarioa. "Dejemos que la casa se ensucie" zinema-zikloak emakumeek egindako zinemara hurbiltzea proposatzen digu, ikuspegi feminista eta belaunaldiarteko batean oinarrituta.
Zikloa lau ostiraletan egingo da, urriaren 20tik azaroaren 10era, Kontadoresen.
Elías Querejeta Zine Eskolak eta Kontadores Gazte Zentroak Argentinako emakume zinemagileei eskainitako zine-programa bat antolatu dute. Donostiako zentro horretan izango da, urrian eta azaroan, lau ostiraletan (2023ko urriaren 20tik azaroaren 10era). Zikloaren izenburua hauxe da: "Dejemos que la casa se ensucie». Argentinako emakume zinemagileen zikloak gaur egun herrialde hartan egiten den zinematografiara hurbiltzen gaitu, ikuspegi feminista eta belaunaldiarteko batean oinarrituta. María Alché, Melisa Liebenthal eta Clarisa Navas bezalako zinemagileen lanaren bidez egiten du hurbilketa hori, eta, aldi berean, elkarrizketa bat sortzen du funtsezko emakume errealizadoreen obrekin, hala nola María Luisa Bemberg, Lucrecia Martel, Albertina Carri eta Narcisa Hirsch.
Programak era askotako filmak hautatu ditu, eta bertan murgiltzeko proposamena egiten digu. Hainbat hamarkada hartzen ditu barnean, 70ekotik aurrera. Fikziozko zinema, fikziozkoa ez den zinema eta zinema esperimentala esploratzen ditu. Lan horietan, errealizazioari eta ekoizpenari buruzko hurbilketa desberdinak elkartzen dira, ikuspegi berri batean oinarrituta. Planteamendua orain arte ezezaguna izan da: etxeko espazioa, barru-barrukoak diren gauzak eta egunerokoa beste modu batean miatzen da, desafio eginez, horrela, gizonezkoen mainstream zinemako narratiba nagusiei.
"Dejemos que la casa se ensucie" ziklo bat da, Lucía Dellacha (1994, Buenos Aires) komisario duena. Ekoizlea, zuzendaria, argazkilaria eta kuradorea Las Furias Zinean. Argentinako Zinearen Unibertsitateko argazkigintza-zuzendaritzan trebatua, film eta serie luzeetan lan egin du Mara Pescio, Fernando Meirelles, Mateo Bendesky eta Martín Piroyansky zuzendariekin, besteak beste. Gaur egun, EQZEren Komisariotza Zinematografikoaren Masterra ikasten ari da.
Zikloa EQZEk eta Kontadores Gazte Zentroak antolatzen dute, eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren eta Bendita Tú Jaialdiaren laguntza du.
Dejemos que la casa se ensucie
Zikloa María Luisa Bembergen Señora de nadie (1982) filmarekin inauguratuko da. Film horrek narratiba feministen hasiera markatzen du, eta emakumearen egoerari buruzko kezka politikoa islatzen du, batez ere etxekoandrearen estereotipoaren testuinguruan bizi den emakumearena, gizarte patriarkalak ezarritako erantzukizunetan eta itxaropenetan harrapatutakoarena. Bigarren saioa, Seguro que Bach cerraba la puerta cuando quería trabajar (1979) -Narcisa Hirschena- eta Las Lindas (2016) -Melisa Liebenthalena- izeneko filmek osatzen dute. Garai eta estilo desberdinetakoak izan arren, bi filmak emakumeen ikuspegiari, hegemoniari, edertasunari, gorputzei eta sexualitateei buruzko esperimentu dokumentalak dira, adiskidetasunaren unibertso intimotik abiatzen direnak. Hirugarren ostiralean, Rey muerto (1995), Lucrecia Martelena, eta Familia Sumergida (2018), María Alchérena, izango dira protagonistak. Biek «ama familiakoa» rolaren problematikari heltzen diote, bidaiak eta doluak zeharkatu eta iruditeria oniriko itogarriak esploratzen dituzten bitartean. Azken saioan, Barbie también puede estar triste (2001), Albertina Carrirena, eta Hoy Partido a las 3 (2017), Clarisa Navasena ikusi ahal izango ditugu. Film horiei esker, gaur egungo emakumearen maitasunak eta sedukzioak arakatu ditzakegu, generoa eta orientazio sexuala direla-eta ezarritako presio sozialak zalantzan jartzen diren bitartean, eta homofobiari eta transfobiari aurre egiten zaien bitartean.
"Dejemos que la casa se ensucie. Argentinako emakume zinegileen zikloa»k ikusleak gonbidatu nahi ditu zinemara gerturatzera eta Kontadores Gazte Zentroaren espazioa aktibatzera, filmen proiekzioetan, hitzaldietan eta eztabaidetan parte hartuz. Programak berak ezarritako helburuez gain, zikloak Kontadores bezalako zentroen lana aldarrikatu nahi du, Donostia bezalako hiri batean egiten diren ekitaldiak deszentralizatzeko asmoz.
Programa
*Urriak 20, ostirala
Señora de nadie (María Luisa Bemberg, 1982, 98 min.)
*Urriak 27, ostirala
Seguro que Bach cerraba la puerta cuando quería trabajar (Narcisa Hirsch, 1979, 27min.) +
Las lindas (Melisa Liebenthal, 2016, 77 min.)
*Azaroak 3, ostirala
Rey muerto (Lucrecia Martel, 1995, 12 min.) + Familia Sumergida (María Alché, 2018, 91 min.)
*Azaroak 10, ostirala
Barbie también puede estar triste (Albertina Carri, 2011, 22 min.) + Hoy Partido a las 3 (Clarisa Navas, 2017, 96 min.)
Saio guztiak 19:30ean hasiko dira. Sarrera doakoa izango da eta edukiera bete arte.